1522ko martxoaren 18an, Juan Sebastian Elkanok, Magallaesen ordezko espedizio-buruak – hura hil ondoren– eta Victoria itsasontziaren –biziraun zuen azken ontziaren– kapitainak, uharte isolatu garai txiki bat aurkitu zuen, Indiako Ozeanoaren erdi-erdian, 37° 50′ hego-latitudean. Itsasontziko pilotu Francisco Alboren hitzetan «gutxi gorabehera sei legoako itzulingurukoa, zuhaitzik gabekoa eta itxura batean biztanlerik gabekoa» zen. Uharte horretan lehorreratzeko saiakerek huts egin zuten eta tripulazioa ezin izan zen geratu; izan ere, 1519ko udan hasitako mundu birari ekin behar zieten, eta oraindik ere hilabete askoko nabigazioa zuten aurretik.
Elkanok ez zion garrantzirik eman aurkikuntza horri, ez baitzuen uhartea bataiatu; geroago ere, etxera bueltatu zenean, Espainiako erregeak Elkanoren bidaia famatuko aurkikuntza geografiko berriak finkatzeko izendatutako batzordearen aurrean, ez zuen lurralde txiki hori aipatu, itsaso eta haize haserreek etengabe erasotzen zituena, eta gehienetan laino itxi batez estalia egoten zena.
Elkano Punta. Behean, itsaslabarraren ondoan. Argazkia: TAAFeko webean
Hala ere, itxuraz lur gozakaitz eta hutsal hori, arrantzaleek beti inguru arriskutsutzat hartu izan dutena, Lurrean egindako esplorazioen Babel antzeko bat da, Europako herrialde nabigatzaile handi guztiak gurutzatu izan baitira bertan. Izan ere, Amsterdam uhartea euskaldun batek aurkitu zuen portugaldar batek zuzendutako espedizio espainiar batean; herbeheretar batek bataiatu zuen mende bat geroago; arrantzale eta itsas lehoi ehiztari ingelesak eta amerikarrak izan zituen bizikide; ondoren, poloniar batek Frantziarentzat aldarrikatu zuen –nahiz eta ingelesek kontrako jarrera azaldu– eta frantsesak arrakastarik gabe kolonizatzen saiatu ziren; eta azkenean, Frantzia egin zen uhartearen jabe 1892an. Saint Paul ahaide txikia 91 km hegoalderantz du, eta hori bezalaxe TAAFen parte da (Frantziaren lurralde austral eta antartikoak). Gainera, 1949. urteaz geroztik, estazio meteorologiko eta zientifiko bat du, urtean hogei lagun inguruk osatzen dutena.
Elkanok aurkitu zuen, holandar batek bataiatu zuen uhartea, eta gaur egun estazio meteorologiko eta zientifiko bat du.
Munduaren ezagutzaren eta irudikatzearen alorrari dagokionez, Amsterdam uhartea Charles-François Beautemps-Beaupré ingeniari frantziar ospetsuaren lehen mapan agertu zen 1792an, Entrecasteaux almirantearen espedizioa bertatik igaro baitzen La Perouse espedizio desagertuaren bila ari zen bitartean. Beautemps-Beauprék metodo iraultzaile berriak erabili zituen eta hidrografia egiazko zientzia bilakatzeko oinarriak ezarri zituen. Amsterdam uhartearen ekialdeko goragunea dela eta, krokis panoramikoa erabiltzen hasi zen, itsasertzeko kartografia eratzeko neurri geodesikoen eta trigonometrikoen laguntzarekin. Profil topografiko horiek, baita neurketa oso zehatzen taula bat ere, kostaldeen kartografia egiteko erabili ziren, eta handik gutxira, marinel guztiek bereganatu zituzten. Hasieran «identifikatze-irudi» moduan izendatu zituzten, eta laguntza izugarri handia izan zen nabigatzaileentzat, zeren eta itsasontziek lurra ikusten zutenean eta horren arriskuez jabetzen zirenean tokia zer-nolakoa zen identifikatzen laguntzen baitzieten.
Bidaia-literaturan, Jules Vernek Amsterdam uhartea aukeratu zuen uharte isolatuaren eta robinsonkerien ikur moduan. Izan ere, bertan kokatu zuen 1868an argitaratutako Les enfants du capitaine Grant eleberri handiaren protagonisten mundu birako etapa bat.
Amsterdam uhartea. Bellin / Bonne (1760)
Baina Amsterdam ez da bakarrik gizakiek Lurrean egindako esplorazioaren bilduma bat. Uharteak berak duen izaeraren bilduma ere bada: planeta bakar bat da bere horretan, bere unibertsoaren baitan olatu artean baino isolatuago dagoena; izan ere, elementu esentzialez osatua egoteak ematen dio hain izaera berezia. Hori aztertzeko, lau elementuen teoria erabiliko dugu, hau da, mundua deskribatzeko eta aztertzeko modu nahiko tradizionala eta esoterikoa, Antzinako Greziako garaikoa. Teoria horrek printzipio filosofiko bat hartzen du abiapuntu. Horren arabera, mundua osatzen duten material guztiak funtsezkoak deritzen lau elementuen arteko batekin edo batzuekin eratzen dira, alegia: lurra, ura, sua eta airea. Elementu bakoitzaren kantitatearen arabera materia bakoitzak izaera bat edo bestea edukiko du: lurrunkorra, beroa, hotza, hezea edo lehorra (funtsezko lau nolakotasunak). Dirudienez, elementu horien presentziak eragin berezia eta sinbolikoa ematen dio Amsterdam uharte txiki horri, Lurra eta horren oinazeak miniaturan islatzen baitira.
Lurra:
Amsterdam uhartea eremu kontinental orotik 3.000 km baino gehiagora dago, eta bizileku iraunkor orotik urrunen dauden uharteen arteko bat da. Mendigune bolkaniko trinko handi baten forma du eta 58 km2 inguru ditu; 881 metroko garaiera du eta itsaslabar iraganezin garaiekin osatutako ingurune beltz batez inguratuta dago. Itsaslabar horiek 700 metroraino iristen dira eta ipar-ekialdeko gune bakar batean desagertzen dira. Horien ordez, bertan laba-kolada gogortu bat dago; kai-mutur natural bat dirudi, itsasontziek lehorreratzeko erabil dezaketena, nahiz eta ia beti baldintza arriskutsuak izan.
Nahiz eta babes natural harrigarri horiek izan, unibertso txiki honen, Elkano iritsi arte kanpoaldearekin kontakturik izan ez zuenaren ekosistemak ia berehala egin behar izan zien aurre gizakien iraganbide eta geldileku izatearen ondorio saihestezinei. XVIII. mende amaieran erabat oihandu zuten (nahiz eta Francisco Albok zuhaitzik gabe deskribatu 1522an). Hala ere, harrezkeroztik, uhartean ez dago ia baso gehiagorik suteen, mozketen zein ereindako landare eta animalia inbaditzaileen ondorioz. Horrela, kolonizatzeko hasierako saiakeran jarritako ahuntz, ardi eta txerri basatien ordez behiak jarri ziren (2.000 inguru); baina behi horiek 2010ean hil zituzten, tokiko bizitza endemikoan eragin oso kaltegarria baitzuten. Baina badaude beste hainbat izaki kaltegarri ere. Izan ere, uharteko natura-erreserbako hurrengo kudeaketa-planaren helburu nagusietako bat honako hauek aldi berean erauztea da: arratoi arreak, etxe-saguak eta katu basatiak (azken horiek lehenengo biak desagerrarazteko sartu ziren). Horrez gain, kanpainak gauzatu nahi dira Phylica zuhaitza sartzeko, uharteko jatorrizkoa baita eta desagerraraztear egon baitzen. Amsterdam uhartearen biodibertsitate bitxia (landareak, txoriak, itsas lehoiak) Frantziako lur australen erreserba natural nazionalaren barruan dago babestuta 2006. urteaz geroztik; baina oraindik ere etenerraza da. 2019an, Unescoko munduko ondareen zerrendan sartu zuten Amsterdam uhartea.
Ura:
Frantziak munduko bigarren itsas jurisdikzio boteretsuena du, 10,2 milioi km² baititu. Izan ere, uharte mordo bat ditu, besteak beste: Uharte Sakabanatuak, Clipperton uhartea eta TAAF (Frantziaren lurralde austral eta antartikoak). Montego Bay izeneko Itsas Zuzenbideari buruzko 1982ko Nazio Batuen Konbentzioaren arabera, kostaldeko herrialdeek dagokien ekonomia-eremu esklusiboan 200 itsas miliatik harantz hedatu ahal izango dute plataforma kontinentala, gehienez ere 350 itsas miliaraino, betiere egiaztatzen badute beren lurraldea ozeanoaren hondoan hedatzen dela. Horrela, 2021eko dekretu batek 93.000 km² gehitu zizkion Frantziaren itsas jurisdikzioari, Saint-Paul eta Amsterdam uharteen plataforma kontinentalaren hedapena kontuan hartuz; nahiz eta uharte horien inguruko hondoa 3.000 metroko sakonera arte ere iristen den. Uhartean bertan, berriz, nahiz eta orokorrean euri asko eta sarri egin, ur gutxi dago, lurzorua bolkanikoa eta iragazkorra baita. Arrain eta otarrain askoko ingurua da, baina arrantzatzeko kuota zorrotzak ditu.
Frantziar posta zigiluak; 1980koak (ezker eta erdikoa) eta 2005ekoa (eskuinekoa)
Sua:
Amsterdam uhartea itsas sumendi baten gailur azaleratua da. Orain dela 300.000 urte baino gehiago egin zuen eztanda, eta 1883an Lur osoa astindu zuen Krakatoa sumendi izugarriaren leherketaren antzekoa izan zela uste da. Sumendia milaka urtetan itzalita egon da, baina uhartea ezagutu zenetik hainbat mugimendu antzeman dira. Izan ere, sute ugari egon dira bertan, batzuetan erraldoiak, hala nola Beautemps-Beaupré ikertzen ari zen bitartean uhartea suntsitu zuena. Honela kontatu zuen espedizioko kide batek: «Ezin dugu behar beste azaldu zer nolako harridura sortu zigun uharte bat sutan ikusteak, itsaso zabalaren erdi-erdian eta kontinente orotik hain urrun. Biharamunean, amets batetik iratzarri bagina bezala esnatu ginenean, bakoitzak zer ikusi zuen entzun behar izan genion elkarri, bezperako ikuskizuna egiazkoa zela berresteko».
Beste hainbat urtetan ere izan ziren suteak: 1826, 1833, 1853, 1857, 1873, 1900 eta 1974. XIX. mendeko sute batzuk naufragoek piztu zituzten; beste batzuk zohikatz su iraunkorrak izan ziren, berotze klimatikoko aldietan areagotzeko arriskua izan zutenak. Esaterako, azkenengo sutea mendebaldeko kostaldean izan zen eta 2021eko otsailaren erditik martxoaren erdira arte iraun zuen.
Airea:
Amsterdam uhartea mundu osoko ikerlarien artean da ezaguna bertako airearen gaineko ikerlanetan jasotako datuen kalitateagatik. Izan ere, Lurreko airerik garbiena du. Isolatuta eta giza jarduera orotik urrun dagoenez, bertan jarri zen atmosferaren hondo-kutsadura neurtzeko munduko bi base bakarretako bat. Base horretan, bereziki, berotegi-efektuko gasa eta merkurioaren gas-osagaiak aztertzen dira. Merkurioa da «merkurio filosofikoa» bilatzen zuten alkimistei hainbesteko jakin-mina sortzen zien «osagai bizia», hau da, filosofoen harriaren osagaia, metal arruntak metal preziatu bilakatzen zituena, gaixotasunak osatzen zituena eta, batzuentzat, mundua sortu zuen printzipio femeninoa. Hortaz, munduaren muga eremua Amsterdam uhartea izan daiteke, eta Elkanok, 1522ko martxoaren 18an aurkitu zuenak, imajinatu zezakeena baino are garrantzitsuagoa eta sinbolikoagoa da. Elkanoren omenez, uhartearen hegoaldeko mutur batek bere izena darama eta zigilu batean hark aurkitu zuela gogorarazten da.
Amsterdam uhartearen kokapena munduan. Argazkia: NASA / Web: MapJam